AMESTURIKO HIRIAK


download pdf

 

Ametsak eta hiriak izango ditut mintzagai. Nire ametsak eta berauetan ageri diren hiriak. Baina, neure geografiaren, neure zirkulu mitologikoaren, neure obsesioen ikuskera proposatzeko, koordenatu eta puntu kardinalen inguruan mintzatzeari ekingo diot. Munduaren proiekzio geografiko ohikoez mintzatu ordez, neure koordenatuak eta puntu kardinalak hautemateko beste ikuskera bat izango dut hizpide. Ez zaitezte ikaratu, ez baita hau erlatibitatearen fisika ez Ekialdeko metafisikaren inguruko gogoeta izango. Ez horixe. Gaurkoa neure obsesioetan barrena eginiko ibilaldia besterik ez da izango, eta honako hauek izango ditut mintzagai:

  1. Mandala hiriak, egitura aldakorrekoak

  2. Padura hiriak eta guztia estaltzen duen hauts-zurrunbilo urdina

  3. Gotorleku hiriak eta barbaroen inbasioak

  4. SF hiriak eta hiru dimentsioko zirkulazioa

  5. Santiago hiriak, itsasoan galdutakoen babesleku

  6. Laranja hiriak, amets eleanitzekoak

  7. Rayuela hiriak eta Cortázarren irakaspenak

 

Puntu kardinalen inguruko sarreratxo bati

Puntu kardinal eta koordenatuak hizpide izateko, lehenik geometriaz mintzatuko naiz. Nire ametsetako geometria ez-euklidiarra da, hau da, ez dira puntua ez planoa espazio eta egiturak definitzen dituztenak. Nire ametsetan, angeluak makurrak izan daitezke eta egitura fraktalek ispilatzea menderatzen dute, bertan neure koordenatu, neure bilaketa, neure berezko espazioa, amesturiko zein birsorturiko espazioa mugitzen direlarik. Denboran beste aldagai bat duen espazioa. Denboraren aldaketen emaitza den espazioa, nirvana nahiz eskaeraren infinitora hurbil gaitzakeen karmaren trukatzeen ibilbidean, materiaren esentzia.

Munduan mugitzeko, kokatzeko, geure ibilbide pertsonala orientatzeko geure bizitzen kokalekua definitzen duten koordenatuen premia dugu, eta hedaduraz, geure ametsak, hauek ere gure ibileraren partaide baitira, espero dut. Ondoren, koordenatuen zenbatzea dakart nik neuk ametsetan zein bizitzan antzeman bezala, batetik zazpira, itsasoaren zabalak hunkiturik baratu nintzen hartan. Zenbatze honek, hala ere, ez du izaera murriztailea, izan ere, koordenatuak alda baititzake nork bere nahierara, etengabeko barnerakoitasun-kanporakoitasun mugimendu erabat gomendagarrian.

Barnerakoientzat ez dira puntu kardinalak existitzen, edo bere erdigunea seinalatzen duen puntu bat besterik ez dira, munduaren erdigunea, babesleku onfalikoa, argiztapen budistaren hirugarren begia, naturarekin lotzen dituen zilborra, ideien esentzia islatzen duena.

Izpirituz begioker direnentzat, mailataz ezer ez dakitenak, beti lurrera begira baitaude, hauentzat puntu kardinalak bi besterik ez dira, mugitzen diren planoaren dimentsioa ezartzen dutenak, eta hegan egitearen edo murgiltzearen edozein asmoren aurrean ikarati direnak. Hortaz, izaki lauak dira eta toles askorik gabekoak, izuan babesturik eta ikasitako baina sekula eztabaidatu gabeko sinesmen-multzo batean babesturik, errebelaturiko mantrak, gutxieneko azterketari ere eusten ez diotenak.

Geometriazaleentzat eta estadistika-egileentzat, munduak hiru dimentsio ditu, edo behinik behin, hiru puntu kardinal soilik, espazioan lokalizazioa doitasun triaxialaz adierazten dutenak. Guztia xyz cartesiarean mugitzen da, hiru dimentsiotako saretatik ateratzeko aukerarik gabe.

Gutariko gehienontzat, lehorreko animalia gisara ahalkez heziak, puntu kardinalak argiro lau dira, hau da, Iparra eta Hegoa, Lurraren ardatzaren muturreko puntu finkoak, eta Ekialdea eta Mendebaldea, begirada eguzkia sortzen den alderantz bideratu edo sartzen den alderantz bideratzearen araberakoak, beti zentzu berean biraka dabilen ohikeriazko planeta batean.

Kutsu berriko epikurearrentzat, ziurtasun berarekin, puntu kardinalak bost dira. Hau da, ikusmena, naturaren mirariak begiztatzeko aukera ematen duena (baita kolore askotariko gizakiak ere); dastamena, beronen bitartez hauteman baititzakegu zapore bitxi zein egunerokoak; usaimena, hain zolia bere fintasunean nahiz eta egunero arnastu ohi ditugun gas-erreen nahasketak ia gaitasuna galtzera eraman; entzumena, laguntza eta aldarri-seinaleen ezagutarazle, bai irudika litezkeen tonu anitzetako musika bai kezka edo zoriontasun oihuak bai ospatze edo ukatzeak; eta azkenik, ukimena, zentzumenetan nostalgikoena, barru-itsukeriazko uneak arintzen dituena.

Itsastarrentzat (hauetarikoa izan nahiko nuke etorkizunean, edo beharbada arbaso birikadunen deia sentitzen dut), itsasadarretan jaioak edo ozeano-munduko biztanleak, puntu kardinalak egiazki sei dira, izan ere, lehorreko animalientzat aipaturiko lau horiei hirugarren erreferentzia-ardatza gehitzen zaio, bokarta beltzak bizi direneko amildegi-hondotik planktona patxadan flotatzen deneko ur-azalera arte.

Azkenik, nabigatzaileentzat (neure burua hauetarikoa dut, iragan eta etorkizuneko bidaiak direla-eta, benetako zein faltsu izan) zazpi dira erreferentzia-puntuak, zazpi baitira munduaren inguruan nabigatzeko zeharkatu beharreko itsasoak. Ozeano deiturikoak ez dute eztabaidarik onartzen: aurora borealen Artikoa, pinguinoen Antartikoa eta kontinente izoztua; Atlantikoa, bere baitan sima eta tontorrak, murgilduriko hiri anitzak gordetzen dituela diote; Ozeano Barea, bertan Magallanes zendu zelarik lantza batek bularra zeharkatuz, eta azkenik, Indiakoa, miseriatik ihes eginez Waqwaq-ek zeharkatu zutena, Afrikako kostaldera iritsi arte. Zazpikoa egiteko falta diren beste bi itsasoei dagokionean, horietako bat seguraski Mediterraneoa dela uste dut, bertan elikatu diren mito eta elezaharrak direla-eta. Bestea, nire ezjakintasunaren aitortza baimen iezadazue, sekula ez dut jakin zein den. Edo Itsaso Beltza, Konstantinoplako bidegurutze kulturalean duena bere irteera naturala, edo Baltikoa, negu gorrienetan oinez zeharka daitekeena, edo Txinako Itsasoa, junco eta sampanez betea, edo Itsaso Gorria, bertan koral-hondoen artean Moisesek makil baten laguntzaz urak ireki zituela kontatzen baita. Neure jaun Don Álvaro Cunqueiroren legeari jarraituz, Itsaso Gorriaren uhinetara fidela izan nadila onar ezazue. Bertan Sinbad zaharrak nabigatu zuen edo Cotovías uharteen bila nabigatu zuela irudikatu zuen.

Esan berri dudanak iradoki bezala, neure zortea ikaragarria da, neure koordenatuak aldakorrak baitira egun bakoitzaren hautematearen araberako. Honela, Iparra galdutako egunak eta egun abisalak izan ditzaket, barnekoi zein marinel, azalera jariakorrean geratu edo Hegoa desiratu erreferente arrotz bezala, begiak eguzki sortu berrirantz zuzenduta amestu edo sartaldetik datorren haizearen ukitze atseginaz gozatu, Vigoko Itsasoaren olatuen musika entzun edo Pazifikoko baleen deia sentitu, behin batean Conrad edo Coloanen idatzietako olatuetara oraturik iritsi zitzaidana.

Koordenatu-sistema nahi adina moldatzera gonbidatzen zaituztet bihotz-bihotzez, eta askeak izan zaitezte, gustu eta adierazpen anitzetara irekiak. Hona hemen formak zedarritzen dituzten eta askatasun-espazioa diseinatzen duten bost zentzu kardinalen eta hiru ardatzen goratzea. Hona hemen neure ekarpena: amesturiko zazpi hiri moten inguruko zazpi ohar. Zuen gustuko izatea espero dut eta pertzepzioaren ateak zabalaraztea. Zoriontsuak izan zaitezten. Askeak izan zaitezten. Zeuen berezko onura bezala gora dezazuen besteen askatasuna. Onak eta eskuzabalak izan zaitezten.

  1. Mandala hiriak, egitura aldakorrekoak

Kategoria honen barruan daude izan ziren hiriak baina jada ez direnak, hau da, hainbat inbasio, hondamendi edo kirasdun endemia-egoeren ondorioz bere biztanleek bertan behera utzi behar izan zituztenak, edo borondatez edo agintarien esanetara. Murgilduriko hiriak, errukigabe aurrerantz doan desertuaren hondarrak lurpetuak, lurrikaren ondorioz egiturak kaltetuak dituztenak, edo itsaso saminduaren olatuek inbaditu dituztenak. Troia, Cartago, Numancia, Sodoma, Gomorra, Ponpeia, Machu-Pichu, Al-Andalus, Ayutthaya, Potenteko Erresuman jesuita portugaldarrekii bilatu zituzten hiriak, Preste Xoán-en ondorengoen bila eta, noski, sekula topatu ez zituztenak. Hauek dira adibide ohikoenak, orain gogora ez datozkidanak (hiri ahaztuak) beste hainbatekin batera.

Memoriaren labirinto korapilatsuetatik iritsi ohi dira geure ametsetara, zalantzazko berrien bitartez edo ustekabeko aurkikuntzen bitartez, eta gehienetan ez dira topatzen existitu zirela esan ohi den lekuan bertan. Neurri batean, inoiz helduko ez garen hiri amestu bakarrak dira, besterik gabe, jada ez direlako.

Hauen bilaketa porrotera garamatza, Zesarren Hiriaiii bilatu zuten haien modura, honakoak sentitzen direlarik: itsasoaren kresala eta kanpoaldetik haizea tiraka, korronteak eta ibilbideak itsaso zabalean, estriboen karranka eta txikotaren ukitzea, haizez puzturiko zangak eta urakanak apurturiko haga nagusia, txankuaren dardara eta sumakak burdina boteaz, bergantina aingura hareatzan sartuz eta dibidieta distantziak aurkituz, zundak lohiaren eta maskortegiaren hondoa markatuz, apar-pirrintak eta olatu handia hegal eta amulei eraso eginez. Honakoak ere sentitzen dira: indiarren renarteria eta jauntxoen arrano-begiak, aurreraturikoen begiradetariko bakoitzean saldukeria eta armadura anakronikoak, ibaian murgilduriko zaldiak eta lokatzetan ainguraturiko gurdiak, hezetasuna eta bareak, herdoila arkabuzetan eta erreskateen utzikeria, kanpamentuetan erroldan dabilen gosea eta zoramen kolektiboa, ihes egindakoen dirdir esquizoidea eta basoan barrena ezezagunaren bilaketa ekiten diotenen etsipena, amesturiko urrea eta janari gabezia. Hor eskura daudela sentitu, baina harrapa ezinak direla.

  1. Padura hiriak eta guztia estaltzen duen hauts-zurrunbilo urdina

Zertaz hitz egiten ari naizen ikusteko, “bukatugabeko lan” baten pasarte bat hortxe doa. Izpiritua gogabete diezazuela espero dut:

Hirira uretatik heltzen zen eta uretatik abiatu beharra zen. Norabide onena zen, airez joateko aukerarik ez baitzegoen instalazio falta zela-eta, eta lehorreko bidea oso gorabeheratsua zen duna mugikor eta larratz itzelek infernuko sarbidearen ondoz ondoko etapak osatzen baitzituzten. Leku hartan hiri bat nola eraiki ote zuten ulertzea ez zen erraza. Seguraski, gerra eta aurkikuntza, inportaturiko gaixotasun eta migrazio handiko garai latzak. Beharbada sarbide zail haiek izatea defentsarik onena, iraultzen historiako bortizkeriaren aurkako hesi onena. Automitologia huts-hutsean. Beharbada hori dela-eta bizi ziren paduraren hirian, elkartze eta ez-elkartzeen lekua, bide bitalen bidegurutze, heltze eta abiatze portua, oro bildurik den zilbor-hiria.

Uretatik abiatu beharra zegoen, hartara, Bernabék Ibaiaren bidea hartu zuen itzulera honetan uretan gora zeuden eztainu meatzeetarantz.”

Argiago azalduko dut, badaezpada ere inork ulertuko ez balu. Arribatze hiriak dira, bertan jite askotariko jendea nahasten dira, jatorri askotarikoak eta nahasitako hizkuntza dutenak. Ibaiak dakarren guztia biltzen duten paduren modukoak dira, zauri izugarriak sortzen dituzten betekadetara makurtuak eta bere izatea menderatzen duen itsasoaren jardunera makurtuak daudenak. Handituz doan nahasketa eta desoreka hiriak dira, ziklo eta aldaketa hiriak. Megalopoliak izan ohi dira, bertan kultura bat besteetatik bereiztea oso zaila delarik, guzti-guztia mestizajea, kultura eta hizkuntzen urtzea baita. Nolabait, gaur egun ezagutzen ditugun hiri handiak dira, ibaia izan edo ez, honako hauek bezala: New York eta Sydney, Lagos eta Buenos Aires, Mexiko DF eta Bartzelona, London eta Tokio, Shangai eta New Delhi, Bombai eta Paris, Calcuta eta Los Ángeles. Tamaina ez da nahasketa bezain garrantzitsua, tradizioa ez da etorkizun mestizo baten eraikuntza baino garrantzitsuago. Neure ametsetan aldizka ageri dira, izan ere, ehun naziotasun ezberdin erroldaturik dituen udalerri batean bizi bainaiz eta poloniera eta italiera, kroaziera eta romania, frantsesa eta hizkuntza hauek guztiak entzutea ez da batere zaila: flandesera, bertako hizkuntzak direnak, eta alemaniera, eta ingelesa lingua franca bilakatua, suahili eta bengalia, portuguesa hego-hemisferioko aldaera anitz guztiekin, eta galegoa, noski, eta korda anitzetako gaztelania, eta identifika ezin ditudan beste hainbat eta hainbat.

 

  1. Gotorleku hiriak eta barbaroen inbasioak

Hemen ere nire pasarte bat aurkezten dizuet, gotorleku hiritzat zer dudan ikus dezazuen:

Port-aux-Basques-era itsasotik ailegatzen da. Bada beste biderik, baina olatu-bidea da onena, inguratzen duten oihanak elurrez eta abegitsuak ez diren indioz beterik baitaute, hiri-espazioa gotorleku eta faktoria hutsek zedarritzen dutelarik. Oihanetan honakoak daude: karibuak, joate plantigradodun eta azazkal hiltzailedun hartz arreak, eta elurraren, urmael zenbaezinen, eta putzutxoz eta errekaz beteriko eremuen oztopoa. Itsasoan, aldiz, pizti beldurgarrienak xibarta, izurde, itsas txakur eta oilarrak dira.

Itsasotik bada ailegatzerik beti ibilbide luze eta berandutuaren ondoren, haize-oihaletan eta indarretan mila eta bat ezbehar sufritu ondoren, inolako kemenik gabe soilik badia babesle eta aberri-puska baten babesa arribatzeko gogoekin. Honela da gehienetan, porturatze desiratua, maitatua, atsedenaldia eta aisialdiaiv”.


Etsaien inbasioetatik babesturik egon nahi duten hiriak dira, eta horregatik sarbide zaileko lekuetan kokatzen dira. Kasu honetan, soilik itsasotik ailega daiteke, baina beste kasu batzuetan, esaterako, ondoren aipatuko den Hue-n, inguratzen duten arrecien garrantzi eta altuera dela-eta; eta beste batzuk, desertuan murgildurik daude eta sarbidea oso zaila da, Petrav kasu, harrizko desertu batean lurperaturiko hiria, Jordaniako hegoaldean.

Hiri hauek mito, sinbolo, lore baten modukoak dira, Huerenvi moduan, iragan aberats eta zalapartatsukoa, bere harresi itzelak babesturik, Lurrinen Ibaiak eskubiko ur-bazterra bustitzen du, lotoz josia, Vía Celesteko zubia duena, Bertute Miragarriaren Atea, lokarturiko herensugearen Jauregia, urrezko uren Urmaela... Inperioaren villa honek 11 kilometrotako perimetroa du eta zazpi metroko harresiak inguratzen du eta kosmologoek diseinaturiko kokalekuan bertan eraiki zen: itsasotik hurbil dagoen ibai-ibar batean eta bost mendiz inguraturik, bost elementuen adierazle direnak, eta mendi arteko paisaiak babestua, ipar-hego orientazioa duena patu zoriontsuak aurreikusten dituen arauak dioenaren arabera. Gaur egun, gudu askoren ondoren, Hue malenkoniaren hiriburua da.

Etsaiengandik hainbeste babesturiko hiriok, barne complot-en bitartez etsairik handienak izatera heldu ziren.

 

  1. SF hiriak eta hiru dimentsioko zirkulazioa

Hiri mutanteak dira, baina ez hainbeste honako ezaugarriak dituztelako: beste munduetako izakiak naturaltasunez bizi dira, eta gizakien mutazio egokituak ere holokausto nuklear edo maila orokorreko beste hondamendiren batek eraginda, eta erdi-gizakia erdi-makina diren androideak, Blade Runner filmean agertzen direnen modukoak, edo errepresio-legio bilakatu diren robotak. Hiri mutanteak direla, batik bat honako ezaugarriak dituztelako diot: teknologiak aurrera egin ahala (eta abiadura bizian aurreratuz doala egia da), ordenagailuen monitore planoak, argazki-artxiboak bidaltzen dituzten sakeleko telefonoak, laser armamentua, indar zapaltzaileek erabilitako gau-bisoreak eta abar., zaharkiturik geratzen dira eta ez dira jada amesturiko hirietan partaide, errealitateko hirien partaide baizik, jada ez dira zientzia-fikzioa, errealitate dira.

Dena den, badira elkarlotzen dituzten zenbait ezaugarri. Eleberri bakoitzean, filme bakoitzean, horiek guztiak porturatze-hiriak dira jatorri eta izaera askotariko jendea baitago (padura hirien artean ere koka genitzakeelarik), edo kartzela-hiriak dira, bizitzea zigor bat baita (gotorleku hirien artean kokatuko lituzkeena). Baina, hiru dimentsiotako zirkulazioak (2050. urtetik aurrerako hiri bat gaitzat duen filme baten ezaugarri finkoa da) eta askatasunen murrizketa zorrotzak definitzen ditu zehazki hiri hauek. Gizarte kontrola oso zorrotza da, biztanleen bizitza xehetasunez kontrolatzeko metodoak ugariak dira, gure hirietan gertatzen hasi den bezala, izan ere, zure arrastoa jarrai baitaiteke honakookin: kreditu-txartela eta kutxazain automatikoetan egindako eragiketen bitartez, sakelekoarekin egindako deien bitartez, elektrizitatearen eta uraren kontsumoaren bitartez, supermerkatuan eginiko ordainketen bitartez...

 

  1. Santiago hiriak, itsasoan galdutakoen babesleku

Marco Polok esan omen zuen, egindako merkataritza bidaietan eta Cathay Erresuma eta Kublai Khan Inperioaren bilaketan topatu zituen hiri guztietako deskripzioetan, Venecia hiriaren zer edo zer topatzen zuela. Marco Polok berak esan ez bazuen, baliteke Italo Calvino miretsiak esan izana, Marco Polo ahotan duenean bere “Hiri ikusezinak” lan gaindiezinean, eta luze jo dit hau hizpide ekartzea. Ni neu, marcopoliarra eta ameslaria izaki, Santiagoren atal bat topatzen dut bisitatzen dudan hiri orotan. Santiago nire jaiotze-hiria da, eta beti itzultzen naiz bertara, ibilaldi anitz eta onarturiko hondoratzeen ostean.

Izan ere, hiri bakoitza aldi berean bata eta anitza da, guzti-guztiek dute mila estratuetan mailakaturiko historia, denborazko milorri baten antzera eta orainean guztia berdintzen duen azala marraskatzearekin bakarrik iraganaren aztarnak ikus ditzakegu: auzo bakoitzari izena eman dioten errekaxtoak igarotzen ziren lekuak, lanbideek kale-izenetan utzi duten aztarna, parke bilakaturiko inguruko basoak, quintana topaleku handi bilakatu ziren otalurrak, bidegurutzeak, beste herri eta beste jende batzuetarantz garamatzaten galtzadak, porturatzeko moilak itsasoa egotekotan...

  1. Laranja hiriak, amets eleanitzekoak

Sukar paludikoak zein desamodioaren gehiegikeriek sorturiko malaria krisi baten erdian gaudenean, sukarrak haluzinatzera garamatza, eta orduan hodei laranjak ikusten ditugu. Begiak estutu eta berehala eremua bereganatuz doan orban laranja zabaltzen doa eta oro estaltzen du. Magma laranja. Beharbada hau da memoriak dakarren lehena: neuronen labirintoen epifania, kinaden mugimenduen dirdira. Nola jakin. Ez da erraza izaten pertzepzioak kronologikoki kokatzea, bata besteren ondoan, besteren ondoan, besteren ondoan. Modu desordenatuan datoz, ezin deszifratuzko kadentzia baten zenbakiak bailiran. Soinubakarrean. Batzuk besteen gainetik zamalkatuz. Pertzepzioak. Laranja eta kinadek eragindako mugimenduak. Eta gero, zein hizkuntzatan entzuten dugun, hitz egiten dugun, hautematen dugun azter dezakegu, hizkuntza honetatik abiatuz sortzen baitira zamalkatuz doazen irudiak, bata besteren ondoan, besteren ondoan, besteren ondoan, besteren ondoan. Laranja dakusat. Magma laranjan. Izotz laranjan. Zein hizkuntza? Ez nuke asmatuko, nahasketa bat da: galego zaharra eta hizkuntz arrotz bezala hautemaniko germanikoa, memoriaren labirintoetan barrena berreskuraturiko latina eta beste erromantze, atzekoz aurrera ikasitako arabea eta amesturiko txinera, sanskrito iluna eta ihesean herrestan eramaniko tibetanoa.Home. Arbeit. Sumum. Salam. Guanxi. Pomme. Carino. Hoshi-hoshi. Gero, urrutitik iritsitako hitz bat, laranja sakonerakoa, hodei sakonerakoa, xaflaz xafla, jarraikorra pentsatzen zen gelan zuloa. Hitz hau Holem, edo Halam, edo baita Hokhim, edo beharbada Apsara, edo Upsara, edo baita Samsaravii izan daiteke. Identifikatu ezin dudan hitz bat. Irudirik gabeko hitza. Eta hitz-puskak, katramailatuak, nahasketaren inbutuaren bitartez heldu direnak, desordenatu eta ikaragarriak. Amor. Campei. Podias. Uskok. Xiuxi. Baba. Alepo. Laranja izango al da kolorerik ez duten ametsen kolorea? Itsumenaren edo argiaren lehen sintoma izango al da, gaitasun berri baten egunsentia, ikustearena, begiekin hautematearena, irudiak ezagutaraztearena, unibertsoaren erdian egon daitekeela sentitu?viii

 

  1. Rayuela hiriak eta Cortázarren irakaspenak

Zenbat bider atera ohi gara hirian zehar konpas-hiltzaile gisa, noraezean, Ariadnaren hariaren bila hiri mandalaren labirintoaren giltzarriak eskura asmoz, munduaren erdigunea den hiriarena, zilbor-babeslekua den hiria, geurea izan dadin birsortzeko premia duen hiria.

Mandala baten diseinu laberintikoan galdurik zebilen Oliveira gaixoa nork ez du gogoan; berau konbentziturik zen zuhaitz baten hosto soilak, Sibilak bilduriko lokarri baten muturrak ezagutzaren atea ireki ahal ziotela. Oliveira suntsitze-bidetik zebilen, bere igaroak guztia txikitzen zuelarik, guzti-guztia ukatuz: emakumeak, gauzak, denbora, herriak, ... Eta suntsitu nahi zuen guztia suntsitu ostean, erdigunearen bilaketa horretan errealitatea birsortzeko aukera izateko itxaropena izan.

Geure hiriaren barruan egunero aurkitzen dugun hiri horixe. Ezagutzen ditugun beste milaka hiriren trazak egunero lanerantz goazenean, ibileraren kulunkan etsipena pizturik, baina begiak sekretuz puztuak, lerrodun ibilbidearen automatismoak jota, baina ahopeka kantatuz goazen abestiaren aldagaiarekin, alai ageriko ziorik gabe, bizitzea bera, neure lagunok, egun bakoitza kantuan abiatzeko arrazoi nahikoa ez balitz bezala.


Azken hitza

Aipatu berri ditudan hiri hauek guztiak nire aukera pertsonala besterik ez dira, nik neuk ere beste hainbat aldagi onartzen ditudalarik: esaterako, izena aldatzen duten hiriak bat bera eta beste hainbat ere badirenak, edo beste hiren arteko urtze modura sortzen diren hiriak. Ezin eutsi Ibn Batuta bidaiariak Dili hiriaz eginiko aipua gogoa ez ekartzera: “Dili hiria oso hedatua eta jendeztatua da, eta gaur egungoa lau hiri auzo eta ondokoen urtzeak eratu zuen. Horietariko batetik Dilik izena hartu du; desleialek sorturiko hiria eta 1188. urtean harrapatua. Bigarrenak Siri du izena. Hirugarrenak Tughluq Abad izena jasotzen du, bere fundatzaileak emana, Tughluq sultana, Indiako sultanaren aita, eta haren ondasunetatik gatoz (...). Laugarrenak Jahan Panah du izena, eta bereizirik kokatu zen Sultan Muhammad Shah-ren bizileku izan zedin, India osoko erregea, haren kortera iritsi berri garelarik. Hura izan zen fundatzailea, eta bere asmoa izan zen lau hiri hauek harresi bakar baten barruan elkartzea, baina lanari ekin bazitzaion ere, erdizka utzi ziren, eraikuntza-lanen kostua altua baitzen”.

Honaino da gaur kontatu nahi nizuena. Gehiago sakontzeko denbora eta espazioarik ez izatea sentitzen dut (ezagutza nahikoak ere ez izatea sentitzen dut, aitorpen hauek nekez egin ohi badira ere). Agian nire hasierako ikuspegiak anbizio handikoak izan dira eta ahosabai eta ezpainetan zapore osagabea utzi dizuet. Beste egun batean, beharbada, denbora lagun badugu, beste zenbait gauza konta nitzake: zer dela-eta zenbait hiri beste batzuk baino literarioagotzat jo ohi diren, edo berezko esentziarik gabeko hiriak ere badirela munduaren edozein lekutan edo inon ere ez egon zitezkeenak inork haien falta somatu gabe, etorkizuneko hiri murgildu edo fantasma-hiriak, agertu eta desagertu egiten direnak nola jakiterik ez dela. Gaurkoz, nahikoa dugu. Izan zaitezte zoriontsu eta eskuzabal, eta egunero kantuz abian jar ezazue eguna.

 

Xavier Queipo

Bruselas, hiri sorgindua, 2004ko urria

i Atal honen aldaki bat 2003. urtean argitaratu zen “Olladas oceánicas” [Begirada ozeanikoak] katalogoan, Galiziako Itsas Museoak, Vigon, argitaratua “Secretos do Mar prendidos tras dos ollos” [Itsasoaren sekretuak begiek atzemanak] lanaren atal modura.

ii Les Portugais au Tibet. Les premiers relation jésuties (1624-1635), Antonio de Andrade, Francisco de Azevedo, Estêvao Cacela eta Joao Cobralen erlatuak dituena. Liburua frantsesez Parisen argitaratu zen, Edicións Chandeigne, 1996.

iii Izenburu honekin, hain zuzen ere, “A Cidade dos Césares”, Víctor F. Freixanes-ek historia gogoangarria asmatu zuen, honako hiru lanen kutsua duena, soilik hiru aipatzearren: Vargas Llosaren “La Guerra del Fin del Mundo”, Ramón J. Senderren “La aventura equinoccial de Lope de Aguirre”, edo Alejo Carpentierren “Los pasos perdidos”. Berrargitalpen zuzendua Vigon plazaratu zuen Edicións Xerais de Galiciak, 2002. urtean.

iv “O Paso do Noroeste” laneko pasarte bat, Sotelo Blancok argitaratua, 1996. urtean.

v Petra hiria Indiana Jonesen filme batzuetan ageri da: haitzartea igaro ondoren dagoen hiria horixe da.

vi Capitales Oubliees, Lucien Bodarden testua eta Anne Garden argazkiak, Les editions du demi-circle, Ministerie de la Culture et de la Francophonie, Milanen argitaratua, 1994. urtean.

vii Sanskritoz, Samsara dohatasun erabatekoa esan nahi du, baina bada ere Indiako Iparraldeko hiri baten izena, Tibet mendietarako bidean.

viii “Soño Laranxa”ko pasartea, Galaxiak argitaratzear duen liburukoa: “Os ciclos do bambú”.