Xavier Queipo
Aurkezpena
Hitzaldi honen gaia proposatu zidatenean intzestuaz hitz egitea pentsatu nuen, tabu unibertsala bailitzan, honen jatorriez eta askotariko azalpenez eta Freud abiapuntutzat hartuz, antropologo ezagunenen eskutik bidaiatuko nintzela, esate baterako, Malinowski, Levi-Strauss edo Marvin Harris-en eskutik. Baina, aurreko asteburuan, Bruselaseko kafetegi batean egunkaria irakurtzen ari nintzela, nazioarteko berriak ikustatzean, Hiesaren aurka Toronton egindako kongresu baten berri izan nuen. Orduan, gaixotasun hura pare bat abuekin harremandu nuen; batetik, preserbatiboaren erabileraren tabua, oraindik ere Afrikako zenbait lekutan indarrean dagoena, esate baterako, Zanzibar uhartean, edo bestetik, homosexualitatearen tabua, hainbat estatutan lege-aldaketak egon badira ere, Estatu espainolean, besteak beste, gure mendebaleko gizartean indarrean jarraitzen du eta baita gure balioen sistematik urrunduriko beste gizarte batzuetan ere. Moral bikoitzean, itxurakerian, esamoldeetan, sarritan sentituriko agresibitatean indarrean dagoena. Hartara, nigandik ez zela espero kultur antropologiaren inguruko irakaspena, baizik eta, agian, zer edo zer literarioagoa, izan ere, idazleen arteko bilkura da, eta ez da zilbor-sinposio horietariko bat, antropologiaren edo botanikaren inguruan, hari-teoria gaitzat duena edo nanoteknologia gaitzat duena. Etxera iristean –euria ari zuen, eta halakoek lagundu egiten dute beti–, beharbada ia loturarik ez duten ohar hauek idatzi nituen, hasieran egindako hausnarketa horren harira tabu moderno bati helduz, XX. Mende amaierako legenarra. Hari batetik tiraka aritu nintzen labirintoaren erdigunearekin topo egin arte. Orain hementxe nago, idazten, neure buruari galderak eginez, Godoten esperoan, Ariadnaren hariarekin topo egitearen zain.
Harremanezko tabuen sailkapen (hipotetikoa)
Egoera hauetan nire formakuntza zientifikoa azalarazi ohi da eta aurrera egiten lagunduko didan sailkapenen bat zirriborratzeko saioa egiten dut, hastapeneko gidoi moduko bat, mota edo tipologien araberako banaketaren bat. Ondoren, estu-estuki jarraitzen dut sailkapen hauxe, edo beste bide batzuk aztertu egiten ditut, ez beti bide ziurretan zehar, kausalitate-espiral batean murgilduz edota alderdiren bat goretsiz beste batzuk ahazteko. Sailkapenak abiatzeko ziurtasuna eskaintzen dit, nahiz eta sailkapen enpirikoa izan eta norberak egindakoa, kasu honetan bezalatsu, eta hartara, gizarte zientziak disziplina pribilegiatu modura duen edonork hankaz gora utz balezake ere. Tabu hauetariko askok, akaso guztiak, erlijioarekin loturik daude, totem-aren ideiarekin, sakratuaren ukatze edo iraintzearekin zerikusia dute, zuzenean nahiz zeharka, espeziearen biziraupen eta irauteari dagozkion, edota jazarpen nahiz jabetza modura ulerturiko sexuaren deskribapenari dagozkion sinesmen enpirikoi loturik.
Beraz, gidoi bezala erabiliko dudan honako sailkapen hau proposatzen dut:
• Espirituari dagokion tabua: Jainkoarekiko eta arbasoekiko harremana
• Sarbide-tabua: kontaktu fisikoa eta ahoskatzen ez diren hitzak
• Guraso-harremanei dagokion tabua: lehen edo bigarren mailako intzestua
• Zenbaki-tabua: bitik haratago, tabuaren haustura
• Leku-tabua: baserriko ohea, gurasoen ohea, leku sakratuetan, itsasoan…
• Espezie-tabua: animaliak, banpiroak, otso-gizonak, deabruak harturikoak…
• Denbora-tabua: sabelondoko koarentena, bijilia eta abstinentzia garaietan, pubertaro aurreko garaietan edo oso adin ezberdinetako banakoen artean.
Atalen arabera, askotariko erregistroak erabiltzea baimenduko didazuelakoan naiz; batzuetan, esperientzia pertsonalak izango ditut mintzagai (lotsarik gabe adierazteko gai naizen horietan), beste zenbaitetan, irakurketa edo behaketa pertsonaletan oinarrituriko hausnarketak izango ditut abiapuntu, eta beste zenbaitetan, neure idazle senari erantzuten dion birsortze fantastikoan urgilduko naiz.
Espirituari dagokion tabua: Jainkoarekiko eta arbasoekiko harremana
Harreman mistikoa susmagarri begiratu ohi da, edo baita heresia bailitz bezala, kasuak kasu. Bat-egite mistikoa sarritan sexualitatetik hurbil egon ohi da, eta bereziki orgasmotik hurbil, eta tabuaren ukatzea izan ohi da lehen erreakzioa. Zenbait erlijiotan ez da posible Jainkoaren izena ahoskatu edo izendatzea, gehiegizko intimitatetzat jotzen baita, totem-aren ukatzetzat, antropologoek ohartarazi bezala, tabuaren jatorrian dagoena.
Zinema erreferentziatzat hartuz, nork ez dio iritzi deabruak gorputz baten jabe egiteari, “The exorcist” filmean gertatu bezala, oinarrizko tabuaren haustura, totem-ari dagokiona, totem-a ukatu egin delako, bere aurkariarekin bat-egin izanagatik, zentzua ematen eta men egitea ukatzen. Ekialdeko adierazpen erlijiosoetan espirituekin, arbasoekin izandako harremanek berebiziko garrantzia dute, esaterako, budismoari edo taoismoari loturikoak, jainkoak izango balira bezala gurtzen direlarik. Gure gizartean ere halakoak gertatzen dira. Gure familian bazterturik zeuden arbasoen izenak debeku mota berezia izateraino, eta haiekiko nire harremanak, ume galdetzaile eta inkorfomista izatea berresten zuen. Guzti-guztiak hitz egin behar zen, klaneko kide guztiak izendatu beha ziren, eta horrela ez bazen, hala ez egitearen arrazoiak azaldu behar ziren, bestela, heriotzaren eta ahanzturaren ostrazismo bikoitzera ondenatuko ziren. Urteek aurrera egitean, haietaz zergatik ez zen hitz egiten jakin nuen: bere buruaz beste egin zutelako (suizidioaren tabua, muturreko indarkeriaren tabua, itxaropena ukatzearen tabua, sakratuaren ukatzearen tabua), edo ez bueltatzeko emigratu egin zutelako, haien jokabide edo ideiengatik klanetik kanporatuak izan zirelako (Gerra Zibila eta haren isiltasun-ajeak), otsoen modura akosaturik mendian hil zirelako (gerrilla, eta familia-hausturaren tabua), esanezinezko sufrimendu batek isilarazi zituelako gaixotasun lotsagarri edo ezezagunak jota, tropikoetan eginiko egonaldi baten ondoren).
Urratzea haien bizitzak kontatzea izango da, birsortzea, izen eta irudi eman hitz idatziaren bitartez. Noiz edo noiz egingo dut. Espero dut.
Sarbide-tabua: kontaktu fisikoa eta ahoskatzen ez diren hitzak
Debekuaz dudan lehen oroitzapena, akaso, ukimenari dagokio, eta ondoren, hitzari. Ukitu ezin ziren gauzak eta pertsonak, ahoskatu ezin ziren hitzak. Oroitzapen tristeak dira, ulertezinak diren debekuenak, arrazoitzen ez zuten helduenak, mantra salutiferoen modura egiak errepikatzen zituztenak. Gauzak horrela ziren betidanik, mundua mundu zenetik eta ezin ziren pobreak ukitu edo gaixoak, oro har, ezezagunak ezin ziren ukitu eta are gutxiago ijituak, nire haurtzaroan etnia alternatiboa zena, guretzat arrotza, izua sorrarazten ziguna. Ahoskatu ezin ziren hitzak bazeuden, bekatu zirenak edo heziketa txarraren adierazgarri zirenak. Guztiguztiek, uste dut, esperientzia ulertezin hori pasa dugu. Urteek aurrera egitean, eufemismoaren teknika geure egiten dugu, ahoskatu ezin den hori beste hitz batzuekin esateko teknika.
Guraso-harremanei dagokion tabua: intzestu kasuak
Intzestua tabu unibertsala dei daitekeena da. Levi-Straussek1 dioenez, naturatik kulturarako jauzia emateko oinarrizko pausoa da intzestuaren debekua. Bada pentsatzen duenik2 gizarteek haien biziraupenerako aukerak areagotzeko estrategia modura hautatzen dutela intzestuaren tabua. Hartara, intzestuak eta exogamiak pareko arrazoi justifikatua izango lukete populazio-genetikan “indar-hibrido” modura ezagutzen dena. Bada esaten duenik3, Freudek adokitakoaren aurka, elkarrekin hezi diren indibiduoen arteko irrika sexuala txikiagoa dela.
Westermack-en iritziz, gizakiek irrika sexualak agresibotzat ikasten dituzte4, agresibitatea familia-harmoniaren aurkako izanik. Honen ondorioa da exogamiaren nagusitasuna, aurre egiten zaien horiekin elkartzearena, klanetik edo guraso-lineatik kanpo daudenak5.
Zenbait autorek lehen mailako intzestu eta bigarren mailako intzestuen arteko bereizketa egiten dute. Lehen mailako intzestua, faimiliaren nukleoan bertan gertatzen dena litzateke, eta bigarren mailako intzestua, aldiz, hedaturiko familia ere kontuan hartzen duena litzateke, A familiako kide bat B familiako kide batekin lotzearen ondorioz, harremanetan jarri diren gainerako kideak ere kontuan hartzen dituena (esate baterako, indibiduo baten eta haren anaiaren emakumearen artean harremanak gertatzen direnean). Bigarren mailako intzestu hauek ez dira hain tabu unibertsalak. Are gehiago, zenbait gizartetan alarguna zenduaren anaiarekin ezkontzera beharturik dago.
Zenbaki-tabua
Poliandria eta poliginea onartzen den gizarteetan ere (inoiz ez dirá araua, arrazoi ekonomiko edo sexuen arteko oreka numerikoa delaeta) pertsona batekin baino gehiagorekin aldi berean izandako harreman sexualak ez dira naturaltzat hartzen eta tabu kontsideratzen dira. Hau ez da naturala, baizik eta konbentzio soziala, hala adierazten du gizon heterosexual askok izaten dituzten fantasia sexualak, aldi berean bi emakumerekin maitasuna egiteko fantasia, alegia. Horren ondorio dira, desira erreprimitu hori birsortzen duten filme pornografikoen goraka, edo prostitutaetxeetan zerbitzu hauek duten eskaera handia. Kuriosoa da, baina bikote homosexual maskulino zenbaitetan (hau emakumeen artean gertatzen delako berririk ez dut, eta badakit bikote heterosexualetan gertatzen dela, baina ez halako neurritan) gertatzen da urratze bikoitza, tabuarekiko haustura muturrekoa. Hirukoteen praktikan.
Nor bere kabuz “infidelitatea”-ari aurre egin ordez (leialtasun hitzarmen baten haustura modura ulerturikoa), bi bikotekideak ligatzera batera joaten dira, irugarren batekin esperientzia partekatuz.
Neure iniziazio-sexualaren garaiko oroitzapenen artean, taldean egindako masturbazio jarduna dago. Gutariko bakoitzak bere txokotxoan egiten zuen, gainerako mutikoekin zirkulu bat eginez, baina ez zen onartzen, harrikatze eta ostrazismo zigorraren itzalean, zeremoniako gainerako kideekin inolako ukitze-harremanik izatea.
Tabuaren urratze bat, baita bikoitza ere, azken batean, elizako predikuek infernua eta osasunaren degradazioa agintzen zuten, bai jardun horietan ibiltzen zirenentzat (masturbazioaren tabua, hedonismoaren tabua, birsorkuntzarako gorderiko hazia galtzen uztearena), bai jardun horretan publikoki ibiltzen zirenentzat (erakusketaren tabua, edo exhibizionismoaren tabua) eta areago,
talde txikietan eta komunitate bereko (edo klan bereko) kideen artean ibiltzen zirenentzat. Beharbada, ez zen urratze konszientea, baizik eta sexualitaterako iniziatzea, taldean hain aditu ez ziren kideak nerabezaroan sarrarazten laguntzeko, edo, gizonen artean sarritan gertatu bezala, mutikoen arteko leiha ere bazena (leihakortasun erratua, izan ere, ahalik eta azkarren hazia botatzean zetzan, esperientziak erakutsi bezala plazer gutxien ematen duena izanik)
Leku-tabua
Suposatzen dut leku-zerrendak zerikusi handia duela norberaren kulturarekin eta testuinguruarekin, baina laburki neure esperientzia batzuren berri emango dut, ohitura ikasi baten ondorio bainoago, feeling-aren ondorio direnak, hautemate baten ondorio. Beharbada, hori izan zen, hautemate bat, edo zineman jasotako zenbait irudiren emaitza edo nonbait entzundako esamesen oroitzapenetik berreskuraturikoak, eta oroimenaren labirinto elektrikoetan kokatu zena.
Kontua da, neure gurasoen etxean maitasuna egin nuen lehen aldi hartan (haiek ez zuten behin ere jakin), haien ohea erabili beharrean, zabalagoa zena eta jolas gimanastikoetarako aproposagoa zena, neure ohetxoarekin konformatu egin nintzen, dimentsio txikiagoak zituena. Bazegoen han taburik, lekua sakratutzat hartzearen ondorio, maitatu edo gorrotaturiko totemaren irudi paradoxala (guzti-guztiek igaro ditugu gurasoenganako maitasun/gorroto aldiak). Denborak aurrera egitean, tabu horixe hedatu egin zen, gainera, bikotekidearen ohera. Zentzu berean, berehala ulertu nuen leku sakratuetan maitasuna egitea tabua zela, izan hauek neure inguruan nagusi zen erlijioarenak, izan monumentu megalitikoetan, izan Afrika erdiko Kolotiala baso sakratuan6. Neure egoerak itsasoan denbora luzez egotera behartu ninduenean gelako atea zabalik uzten ikasi nuen, atearen atzetik debekaturiko zer edo zer gertatzen ari zelako susmoa ekiditeko.
Espezie-tabua
Nork ez du susmatu, noizbait, etxe-animalia zenbaitek jabeekin adiskidetasun samurraz haratagoko harremana zutenik, partzelasexual bilakatu zirenik. Nori ez zaio burura etorri arau urratzerik, tabuaren hausturarik, gaueko jauntxoen eta haien desira-objektu zirenen artean harremanak iradokitzean, izan horiek sexu bereko nahiz ez; esate baterako, Bram Stocker-en Drakula moduko klasiko bat irakurtzean, edo Anne Rice-ren liburu bat irakurtzean, edo banpiro-pelikula bat ikustean; beharbada paradigma garaikidea “Interview with a vampire” dugu. Eta zinemarekin segituz, Jean Cocteau-ren “La Belle et la Bête” pelikula ere arratzailea da; baita Nacked Lunch ere, azken hau “beat generation”-eko kide den William S. Burroughs-en sosegurik gabeko narrazio batean oinarrituriko kultuzko filmea. Literaturan eta zineman kasuak ugariak dira, izan esplizitoagoak edo ez, baina guzti-guztiak espezien arteko harremanek sortzen duten interes eta misterioaren adierazgarri dira, edonola ere, animalia-erreinuan ezagunak direnak espezien arteko hibridazioa gertatzen baita, edota zientzia-fikziozko fantasietan, zeinetan ohikoak diren planeta eta galaxia diferenteetako espezien arteko loturen inguruko erreferentziak, Star Trek sagan gertatu bezala.
Denbora-tabua
Denbora, bere alde bikoitzean ulerturik, hau da, adinari begiratuz, edota ego, subjektuaren bizitzaren aldi berezi bati begiratuz. Gure kulturako (eta baita beste zenbaitetako) ohitura batzuk ezagun dira; erditze ondoren edo koarentenan bikoteen arteko harremanen ukatzea, emakumeek erditu ondoren mindurik daudelakoan. Zenbait kulturetan, tabuak nolabait irauten du, baina, gizonak urra dezake, haren bikotea koarentenan dagoenean beste emakume batzuekin harremanak izan baititzake. Denboraldi edo sasoi jakin bateko debekuz dihardugula, Garizumak iraun bitartean harreman sexualak izatearen debekuaren jatorrian dago Eliza katolikoak, eta baita urte erlijiosoaren bestelako debekuetan ere.
Onarpen-adinaren aurreko sexua zeharo debekaturik dago, naturala ez delakoan eta potentzialki traumatikoa delakoan. Ohikoak dira, dena dela, aura honen urratze partzialak: esate baterako, ume eta zaintzaileen (maskulinoa edo femeninoa) arteko nola-halako harreman erotikoak. Ohikoak dira, halaber, klan bereko umeen arteko esperientzia erotikoak, lehengusu artean jolasean dabiltzala, eta berotzerik eta libidoaren irriken esnatze hasiberririk antzematen dute. Eta akaso, taburik unibertsalenetarikoa heldu eta umeen arteko harremanak dira, familia barruan nolabait onartuak (familia barruko intzestu harremanak askotan ezkutatu egiten dira) eta familiatik kanpo gertatzean aberraziorik handiena balitz bezala gaitzesturik. Helduaroan, kultura askotan (gurean, kasu) birsorkuntza aldian ez den emakume baten eta gizon baten arteko harremana tabua da. Azalpen biologikoa du, izan ere, populazioak birsortzaile bat galduko luke hazia eremu agorrean ereingo lukeena.
Urratzea. Teseoren mito birsortuaren adibidea eta desiren labirintoa
Eta gizakiaren eboluzioa, espezie eta indibiduo bezala, tabuen gainditzea baino ez balitz, totemaren ukatzea, sakratuaren ukatzea, ukiezinaren ukatzea, azalduezinaren ukatzea? Eta literaturaren funtzioa mundua ulertzearena baino ez balitz, mundua azaltzearena? Ez al gabiltza guztiok, akaso, bilaketa etengabe horretan? Ez al da horrexegatik, due to that permanent quest, idatzi gabe ezin garela bizi, mundua azaltzeko saiorik egin gabe, gurea eta besterena, eta ez al da horrexegatik, due to that permanent quest, Cortazarrek “El otro lado” deiturikoaren bilaketara deitzen gaituela? “Beste alde” hori urratzean legoke, uste denaren eta uste ez denaren urratzea, intrigatzen edo harritzen gaituenaren urratzea.
Bataillek7 seinalaturiko hiru urratzeetatik (pentsamentu propioa, erotismoa eta heriotza) bat baino ez du irauten indar-biziz. Nahikoa onarturiko urratzeak dira blasfemia, homosexualitatea, sadismoa, masokismoa, intzestua eta heriotza. Burgesiak onartzen ez duen bakar hori, pentsamentuak pentsamenduaz entsatu ahal izatearen ideia da, hizkuntzak hizkuntzaz hitz egin ahal izatea, egile batek zenbaitetaz hitz egin beharrean zerbait idaztea, Joycek proposatu bezala akratua aurkariarekin eginiko urtzea da, Yin-a Yang-arekin. Yin-a itzalaren, hotzaren, feminitatearen printzipioa da, izakiak pausatzera deitzen ditu, pasibitatera; Yang-a, argiaren, beroaren, maskulinitatearen printzipioa da, energia zabaltzera deitzen ditu, jardunera eta baita agresibitatera ere. Aurkarien erabateko deuseztatzea etorri aurretik, urratzeak sortzen du bakar-bakarrik esfera batetik besterako pasabidea. Severo Sadismoa, esaterako, Severo Sarduy-ri hain maite zaion adibide bat jartzearren, neure egilerik gogokoena ahaztuetarik, dueluaren jardun mailako baieztapena da. Loturaren erretorikarekin, agresibitate sadikoa“beste”aren baieztapena litzateke, pasibitate hutsa, yin absolutua.
Loturaren erretorika, korapiloaren erretorika, erritualaren erretorika eta entseaturiko milaka posizioek “bestea” gabetu egiten dute, eta beraz, sadikoari eskumen guztiak berreskurarazten dizkiote, absolutu posiblearen hastapenetako egoerara itzularazten dute, askatzen dute, “deslotzen” dute. Sar gaitezen mitologiaren eremu labaikorrean, eremu honi egotzi izan baitzaio totemen jatorria eta hortaz, aurkarien jatorria, tabuen jatorria. Kretako labirintoaren mitoa baino ezagunagoarik ez da Mendebalean, Teseo heroiaren eta Minotauro zitalaren arteko aurrez aurrekoa irudikatzen duena. Pixkanaka joan gaitezen. Gizon eta animalien arteko harremana badago, bikoiztasun kasu partikularra baino ez dena, aurkarien bat-egitearen ukatzea (ederra eta piztia), kasu jakin honetan ar-ederra eta eme-piztia. Aldi berean, berdinen arteko bat-egitearen ukatzea dago (heroe mendekatzailea, Teseo eta hilketaren bitartez indarkeriaren tabua hautsiko duen arra, Minotauro). Ostrazismora kondenaturiko Minotaurok bizi duen inkomunikazioaren tabua ere badago, itxita bizitzera kondenaturik, bere arbasoen orroa ez beste hizkuntzarik erabiltzera beharturik.
Horrela, mitologia ia unibertsalak diren tabuan jatorri modura uler daiteke; bestialismoa, homosexualitatea, hilketa, traidoreak, gaixoak, izurritsuak kondenatzen dituenak bazterkeriara.
Nola eskuratu, bada, labirintotik bizirik eta berriturik ateratzeko bidea erakutsiko digun Ariadnaren haria? Nola ez eskuratu? Agian, hari gorria odolaren haria da, irrika primarioenen haria, gure animalia-izaeratik urrundu eta gure giza-izaerara hurbilarazten gaituena. Utz iezadazue, beraz, urratze baterako saioa egin dezadan, kontaturiko istorioa molda dezadan, mitoa molda dezadan, labirintoa nik neuk ikusi bezala birsor dezadan, taburik handienari birsortzeko tentazioari ihes egin ez diezaiodan, mundu paralelo bat sortzeari.
LABIRINTO(AREN NOSTALGIA): prosopoema
I. Erdiko esferatik, cocoon germina baten modura, Minotauroren irudi ispilatua sortzen da, gogaiturik, labirintoen hormen ertzetatik ibiltzen da. Itzalaren atzetik buru boteretsua, aradarduna eta masailezur itzelak, mutur luzekoa eta belarri geldoak. Zezen-buruaren ondotik, arbasoen uro edo kimera ezin hobe dena, gizonkote ilustratuaren gorputza agertzen da, Ekialdetik etorritako zeta onenekin jantzitakoa, egunen gelatina bazter batean marrazten duenarena. Paper-biribilkia darama eskuan eta bertatik Pertsiako bederatzi jakintsuen tratatuetatik ateratako matrak, sutrak eta sententziak deklamatuz doa.
II. Artabro muinoa bilakatu den suzko menditik Fraga de Robelletik beherantz da, pagadi eta zuhamuxketan zehar, Ariadna printzesa. Ioseko Jauregi Asmatuetako lorategietarantz doa, Sakratuen Labirintoaren bila. Eskuan darama gorriz tintaturiko harilkoa zabalduz doa pasabide malkartsuaren lurretik, basoaren gorenetik Adeuses Ibaiaren ertzera doana. Heltzear dela, artegaturik leku guztietara begiratu egiten du, Teseo mendekatzailearen bila, mezulariaren belar sukartsuetan suz eta burdinaz idatziriko herra marruz, berehalako agerpena adierazi zuena.
III. Ibaiaren ildoa hartzen duten adarretatik bide eginez, Teseo heltzen da enbor-baltsa batean. Brankan pertika trebetasunez ibiltzen du, txopan bere zerbitzari batek, Aleofanek, lema sostengatzen duen bitartean, jabearen agindu guztiei men eginez. Teseok tinko begiratzen dio Ariadna ederrari, eta odoletan injektaturiko begiek banatzen dituen airea erretzen dutela dirudi. Oihu egiten du soinu eroz arrabio eta igelaz ernaraziz, angulei eta lupiei ihes eginaraziz, urretxindorrak, buztanikarak, txolarreak izutuz. Guztiaren eta guztien kontra juramentuak esaten ditu, mehatxuak biribilkatuz, gorroto-lepoko batean harritxoak biribilkatzen dituenare antzera. Azkenean, uretan zipriztinak eginez beheratu zen. Ur-jauzian oin bat jartzen du eta lurrak dardara egiten du, haren zimentuetan izuturik titanaren indar itzela dela eta.
IV. Labirintotik marruma erantzuna sortzen da: ulertezin, zizakatu, karkaxa eta odolbilduz beteriko eztarrian sorturikoa. Adeuses ibaiko oholetan isiltasun trinkoa dago, begirada beldurtiak gurutzatuz, harrixken arteko txinparta. Ezkerreko eskuan babesa, eskubiko eskuan ezpata disdiratsua, Teseok Ariadna zabalduriko harilkoari uko egiten dio. Mila bider entseaturiko zakarkeriaz ileetatik tira egin eta ibaiertzeko hondarrean botatzen du. Labirintotik marruma izugarria heltzen da, ogiban den ahosabaian burrunbatzen duen haizea. Ariadna, Teseo abiatzen dela ikusten duelarik, heroiaren manerak eginez berritu egiten da.
V. Babesa eta ezkutua finkatuz, Anatoliako azti batzuk oparituriko talisman diren zilarrezko besokoek pultsua babestuz, ezpataz eta ausardiaz armaturik, Teseo Sekretuen Labirintoetako korridoretan barrena sartzen da. Ariadna, berriro ere, harilkoa onartzeko saioa egiten du, irteerako giltza eman behar diona. Teseok uko egiten dio opariari neskatoari berriro ere birao eginez, eta neskatoak ez du ulertzen zer gertatzen den: zein da Teseo arrotz hori, zer nahi du, edo nahi izan du, edo nahi izango du, jakintsuek sarritan kontatu zioten patuaren, hariaren eramalearen, historia aldatu nahi ote zuen?
VI. Bitartean, Minotauro lurrean esertzen da eztarria estutuz, gainezka eta pultsuka odolez ari zena. Lur lauzatuan aurrera egiten duten pausoak entzuten dira. Hegodun izaki bat, peng bat edo roc hegazti bat, atzapar zaurgarri eta moko okertu eta itzela duena, ehundaka hegazti harraparien artetik hegalaldia abian jartzen du, hegaldien eta lumen nahastez, eta beleen zurrunbiloaz airea betetzen dutenak. Behean, huntz artean, norbait, beharbada Patuaren Iturrietako Sugeak, esferaren erdigunerantz Teseoren urratsak gidatzeko seinaleak utzi zituen, non Minotauro babesten den, kimera sublimea.
VI. Heroe eta titanen historian ez kontaturiko haria. Gertaturikoa ikusi baino ez dago, hautaturikoen arbasoen errukiz eramana, Teseok Minotauro laguntzen du, eta honek hasperen eta laztan artean jasotzen du. Kanpoan, Fraga de Robelle-n, Ioseko Jauregi Asmatuan, guztiek mespretxatua eta ulertezintasunean galduta, eta izan ez zenaren osasunean galduta, Ariadnak heriotzarekiko gogoa galdu egiten du, eta nahasi-nahasi eginda, emakumekantuak eta eskolako kantuak errezitatzeari ekiten dio. Sekretuen Labirintoan, azkenean, arrotzen arteko maitasuna sortzen da, arrazaz eta estirpez hain ezberdinak direnen arteko maitasuna. Historiak bere buruari kiribil egiten dio, eta ez da kontatu ziguten bezala, baizik eta bestelakoa.
Horra hor labirintoaren mitoaren urratze txiki bat, hilketa (Minotauro erasotzen duen hegaztia), bestialismoa (gizon eta zezen arteko maitasun erotikoa), indarkeria (Teseok Ariadna mespretxatzen du), homosexualitatea (Teseo eta Minotauro arteko laztanak), kimera baten existentzia (animalia-collage modura ulerturik), konbentzioak urratzen dituzte eta norbanakoaren askatasunaren mugak hedatzen dituzte. Ohartuko zineten bezala, askotan organu sexualei, egoera jakin batzuei, eginiko erreferentzia esplizituak ekidin ditut, tabu kontsideraturiko termino batzuen deskribapenean gehiegi sartu gabe, itxurak gorde nahi izanez gero ahoskatu ezin diren hitzak.Hitz tabu horiek, existitzen direnak, errealitate bati dagozkionak sarritan desira bat adierazten dutenak, eufemismoek ordezkatu dituzte haien borondatez, baita batzuetan modu derrigortuan ere.
Horra hor hizkuntza hipokritaren jabekuntza gogorra (Levi- Straussen hitzak geure eginez, naturatik kulturarako igarotzea). Honaino heltzerakoan zenbait harreman-tabu ezagun ahaztu nituela konturatu nintzen: hilotzen profanazioa, tortura, voyeurismoa, berezi-bereziki hurbilen arteko jardun sexuala behatzeari dagokiona, eta baita nork bere buruarekin izan ditzakeen eskizofrenia harremanak ere. Neure asmoa ez zen totalizatzailea izatea (guzti-guztiak aipatzea, unibertsoa hedapenaren bitartez definitzea) baizik eta ulertzen saiatzea, mota eta kategoriak definitzen saiatzea, zenbait adibide paradigmatiko gogora ekarriz (definitu, beraz, unibertsoa ulermenaren bitartez). Ez dakit asmatu ote dudan. Neure aldetik beste ezer ere ez, agurtu egiten naiz. Urra itzazue zeuen tabuak, hala nahi izanez gero, eta izan zaitezten zoriontsu eta diferente. Eskerrik asko.
1 Levi-Strauss, C; “Les structures élémentaires de la parenté”, Paris, Mouton 1967.
2 Arens, A; “The original sin: incest and its meanin”; Oxford University Press, 1986.
3 Westermack E; Histoire du mariage, Tome VI: Les théories de l’inceste, les bases biologiques du mariage, trad. Fr., Paris, Payot, 1945.
4 Sarri entzuten da gizonak emakume-ehiztariak direla, eta emakumeak gizonirensleak direla.
5 Sexu eta indarkeria arteko identifikazio hauxe bitxia da. Maisu japoniarrek, haikuek naturaren harmoniaren ospatu behar dutela azpimarratzen dute, indarkeriaz ez hitz egiteko aholkua emanez, maitasuna indarkeria-formatzat hartuz.
6 Perrigault, Jean; L’enfer des noires (cannibalisme et fétichisme dans la brousse; Nouvelle librairie française, Paris 1932).
7 Severo Sarduyk aipatua Escrito sobre un cuerpo, in Obras Completas, tomo II; ALLCA XX/Ediciones UNESCO, Madril 1999.
|